Zaintzaren Museoa mundu osoan zehar areto asko dituen museoa da. Edozein museotan bezala, areto batzuk beste batzuk baino iraunkorragoak dira; areto berriak irekitzen dira, daudenak betetzen dira eta funtzioa aldatzen dute, eta beste batzuk utzi eta itxi egiten dira.
Irakurtzeko gelak daude. Dantzatzeko gelak daude. Arotz-lanak egiteko, barazkiak landatzeko eta zientzia egiteko aretoak daude. Batzuk “edozein motatako aretoak” dira.
Edozeinek ireki dezake gela bat museoan. Zer gela-mota ireki nahi duzun proposatu behar duzu. Edonork har dezake gela bat museoan. Han zer egin nahi duzun esatearekin nahikoa da.
Zaintzaren Museoaren helburu nagusia harreman sozialak sortzea eta mantentzea da. Harreman horietan objektuak sar daitezke edo ez, baina ez dugu artelanik katalogatzen edo artxibatzen. Zaintzaren Museoan ez dago guardiarik.
Ez duzu artista izan behar Museoan denbora pasatzeko. Museo batean egoteak ez du dirurik balio. Museoa zabalik dago pertsonak eta animaliak, materialak eta ingurumena zainduz, hau da, zaintza-harremanak elikatuz, gure askatasun kolektiboa areagotzen duten pertsona guztientzat.
Zaintzaren Museoko aretoak okupatzaileek kuratzen dituzte. Areto hauek etengabe berritzen dira; ez dago bilduma iraunkorrik, ez dago biztanle iraunkorrik. Zaintzaren Museoak praktika kolektibo errepikakorrak sustatzen ditu, aretoen artean zein kanpoko mundura gurutzatu daitezkeenak. Zaintzaren Museoa ez da bere paretetan amaitzen.
Alexander Bogdanoven Proletkultek bezala, Zaintzaren Museoak museo bat edo artista zer den birpentsatu nahi du, bai eta monumentuen ordez askatasunerako eta zaintzarako espazioak sortu ere. Zaintzaren Museoan artea ez da ukitu ezin diren lanen ekoizpena edo sinbolikoaren pinakuloa, mundu hobeak eraikitzeko praktika baizik. Guztiok merezi dugu gaur egun monumentu eta maisulanetara zuzentzen dugun zainketa eta arreta bera, eta hala egin beharko genuke betikotasun guztian.
Itzultzaile: Julieta Gaztañaga
ara / aze / bul / deu / ell / eng / est / eus / fas / fra / hin / ind / ita / jpn / mar / mkd / nld / norsk / pol / por-bra / por-eu / ron / slv / spa / swe / tur / urd / zho / zho-trad